Ibilbidea
2006an, Javier Garcia “Mimo”-k Barré konpainia sortu zuen, Bartzelonako Rogelio Rivel zirku eskolako ikasketak amaitu ondoren. Proiektua norabide argiarekin sortu zen: zirkua egunerokotasunera hurbiltzea. Horrela islatzen da bere lan bakoitzean, manipulatzen diren objektuen, eszenaratzearen edo lan egiteko orduan ikusleekin dagoen hurbiltasunaren bidez.
Bakarkako proiektuarekin sortu zuen lehen ikuskizuna Eskobien atzetik izan zen. Kale-garbitzaile baten lanaldian oinarritua, umorez blai, zinema mutuaren karismarekin eta erratzen manipulazioa, akrobaziak eta orekak bezalako trebetasunekin. 2006an estreinatu zen, eta, une horretatik aurrera, herri, hiri eta jaialdi askotan zehar ibili da, nazio eta nazioarte mailan. Biran jarraitzen du gaur egun. Sorkuntza-lan horrek Santanderreko Cafe de las Artesen Canica 2018 saria, eta 2021eko Palentziako Nazioarteko XXIII. Kale Antzerki Erakusketaren ikus-entzuleen saria jaso ditu.
2010ean “Juan Palomo, historias a la intemperie” ikuskizuna sortu zuen. Ikuskizun horrek laneko errealitate desberdinei buruz hitz egiten du, eta mundu honetara sortzean ditugun pertsonalitate eta baldintzatzaile desberdinekin duten antzekotasunari buruz. Pertsonalitate eta baldintzatzaile horiek familiari, estatusari edo aukerei buruzkoak izan daitezke.
2012an “Juan Palomo ya está aquí” ikuskizuna estreinatu zuen. Krispeta-egile paregabe honen helburua jaialdia ikus-entzuleei hurbiltzea da, eta alderantziz. Bere postu dotoretik, krispeten dastaketa umorearekin, zirkuarekin eta jaialdiak ikus-entzuleei modu atsegin, hurbil eta dibertigarrian helarazteko behar duen guztiarekin uztartzen du. Proposamenak Reuseko Trapezi, Valladolideko TAC, Leioako Umore Azoka, Cornellako pailazoen nazioarteko jaialdia, Bilboko Kalealdia eta Sevillako Circada jaialdia, girotu ditu, besteak beste. Museoetako ilarak ere girotu ditu, hala nola Malagako Picasso museokoa eta Bilboko Guggenheim Museokoa, bai eta zirku galak, sariak eta aire zabaleko zine-emanaldiak ere.
Une honetan, konpainia Nao-Now-Nau izeneko ikuskizun berria sortzen ari da. Arrantzaren eta Itsasoaren egungo egoerari eta horiekin dugun harremanari buruzkoa da, oinetan trebezia handia duen arrantzale maitagarri batek gidatuta. 2023ko udaberrian estreinatuko da.
Bere sorkuntza-lan propioez gain, bere ibilbidean zehar, Javier Garcia “Mimo”-k nazio mailako hainbat konpainiarekin kolaboratu du artista gisa, hala nola Rolabola circo-rekin, “Casa Paco” (2003-2006) ikuskizunean, Sostenible teatro-rekin “Los pimientos son así” eta “Dime qué comes y te diré quién eres” (2013-2015) ikuskizunetan, Markeliñe-rekin “Julietas” (2018-2020) ikuskizunean eta Malas Kompañías-ekin “Prozak” (2018-2020) ikuskizunean.
Jean Philippe Kikolasen Calor eta Circazu Teatro-circoren La Azotea proiektuen kanpoko begirada gisa hartu du parte, baita koreografo gisa hainbat zirku ikuskizunetan eta objektuen manipulatzaile, akrobazia eta oreka akrobatikoen zirkuko irakasle gisa ere.
Bestalde, beste proiektu batzuei lotuta egon da, jaialdiei eta espazioei, besteak beste. Malagako Pizarra 2 mil Circo (2005) eta Orioko Fingira festibala (2021 eta 2022) jaialdien zuzendaritzako kidea da. Hainbat espazio eszenikotan ere parte hartu du, hala nola: La Carpa de Pizarra, Malaga (2004-2007), El Enjambre, Kordoba (2010-2014) eta Zingirarte, Orio (2021etik).